Batera Elgoibarren: zazpi baldintzak
Konpromiso hauek Batera Elgoibarren prozesuaren aurreko bi faseetan dute jatorria.
Nondik datoz
Batera Jauzi Elgoibar · Baldintzak: herritarrek eta eragileek euskararen erabileran jauzia emateko zazpi baldintza identifikatu, kontrastatu eta adostu zituzten, Elkarrizketa Talde Eragilearen, bost kontraste-talderen eta talde motorraren bidez.
Batera Jauzi Elgoibar · Konpromisoak zehaztu: baldintza horietatik abiatuta, «Zer egingo dugu, nork eta nola?» galderari erantzun zitzaion, eta pertsona, elkarte eta erakundeen konpromisoak zehaztu ziren.
Zazpi baldintzak
B01. Kulturartekotasuna
Kulturartekotasuna bermatzeko neurriak hartuko dira, eta hizkuntza eta kultura anitzeko pertsonen arteko ezagutza-trukea eta elkarrekintza sustatuko dira. Horretarako, besteak beste, euskaldunon hizkuntza, historia eta egoera soziolinguistikoaren transmisioa landuko da, eta baita Elgoibarren bizi diren gainontzeko hizkuntza eta kulturen ezagutza ere.
B02. Euskara ikasteko sarbide bateratu, eskuragarri eta malgua
Euskara ikasteko edota lantzeko dauden aukeren berri emango da, eta euskara ikasteko gogoa edo premia dutenei erraztasunak eskainiko zaizkie, hemengoa nahiz etorri berria izan.
B03. Euskara bizipen on eta atseginekin lotzea
Euskara bizipen on eta atseginekin lotuko da, eta, batez ere, hiru esparrutan eragingo da: kirolean, aisialdian eta kulturan. Euskara sentimenduekin eta emozioekin lotuko da, eta erreferente positiboak sortuko dira.
B04. Euskararen inguruko errelato berritua
Euskararen inguruko errelato edo kontakizun berritua sortu, aitortu eta onartuko da, euskarari behar duen prestigioa emateko helburuarekin, eta, horretarako, besteak beste, gure herriko historiaren, berbetaren eta nortasunaren belaunaldien arteko transmisioa landuko da.
B05. Hezkuntza politikak, segregazioa eta hezkuntza mahaia
Hezkuntza-politiketan tinko eragingo da herriko ikastetxeetan dagoen segregazioaren kontzientzia hartu eta komunitate moduan erantzuteko. Elgoibarko Hezkuntza Mahaia ere indartuko da, inklusioa eta integrazioa erraztu eta ikastetxeetan euskarak izan behar duen trataera arautzeko.
B06. Euskal identitate ireki, eskuzabal eta harkorra
Euskal identitate ireki, eskuzabal eta harkorra eraikiko da. Talde-harrotasuna eta -kontzientzia landuko dira, eta, gainera, aurreiritziak eta jarrera baztertzaileak alboratuko dira. Herriko espazio publikoetan euskararen presentzia eta erabilera bermatuko da.
B07. Hizkuntza-harrera eta hizkuntza-ohiturak
Herrira iritsi berriei hizkuntza-harrera egingo zaie, eta lehendik bertan bizi direnentzat euskararen erabilera areagotzeko ekimenak antolatuko dira. Herritarren hizkuntza-ohituretan eragiteko, arau sozialak gizarteratu eta sustatuko dira: euskaldunei euskaraz egin, ezezagunei lehen hitza beti euskaraz edo elkarrizketa elebidunei eutsi. Eta horietaz gainera, euskaraz berba egiteko gune seguruak sortuko dira, eta «euskara ez-perfektua» ere onargarria izan litekeela onetsiko da.
Partekatu
Edo kopiatu linka