Laguntza

Batzarra erakunde bateko kideen talde bat da, aldian-aldian biltzen dena erakundearen arlo edo esparru jakin bati buruzko erabakiak hartzeko.

Batzarrek bilerak egiten dituzte, batzuk pribatuak eta beste batzuk irekiak. Irekiak badira, parte hartzea posible da (adibidez: bertaratzea edukiera badago, gaiak agendara gehitzea, edo organo honek hartutako proposamenei eta erabakiei buruzko iruzkinak egitea).

Adibideak: Batzar nagusia (urtean behin biltzen dena erakundearen ekintza-ildo nagusiak eta bere organo exekutiboak bozketa bidez definitzeko), berdintasun aholku-batzordea (bi hilabetean behin biltzen dena erakundearen genero-harremanak hobetzeko proposamenak egiteko), ebaluazio-batzordea (hilabetean behin biltzen dena prozesu baten jarraipena egiteko) edo berme-organoa (gorabeherak, gehiegikeriak edo erabakiak hartzeko prozedurak hobetzeko proposamenak biltzen dituena) batzordeen adibideak dira.

Batera Elgoibarren - Herri Ituna

herri euskalduna izateko ametsak batzen gaitu

Prozesua ezagutu!

Lankidetza honi buruz

Elgoibar herri euskaldunagoa izateko beste ahalegin bat da BATERA ELGOIBARREN herri-ekimena, eta, hamar urte barru, 2037an, Elgoibarren euskara gehiago egin eta entzutea da ekimenaren helburu nagusia. Elgoibarko Izarraren eta Udalaren iniziatibaz jarri zen martxan lan-prozesua 2025eko urtarrilean, eta Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak gidatu eta koordinatu du.   

2025. urteko egiteko nagusia Elgoibar herri euskaldunagoa izateko bete behar diren baldintzak adostea izan zen. 105 lagunek hartu zuten parte gogoeta-prozesuan eta zazpi baldintza adostu ziren. Abenduaren 3an egin zen herri-ekimenaren aurkezpena Herriko Antzokian, 350 lagunen aurrean. 

2026an, berriz, lehen fasean adostutako zazpi baldintzei lotutako adierazleak eta konpromisoak landu ziren. Kasu honetan, beste 50 lagunek hartu zuten parte adierazleen eta konpromisoen lanketan.  

Bi urteko prestakuntza-lanei amaiera emateko, 2026ko abenduaren 3an, Batera Elgoibarren herri-ituna aurkeztu zen jendaurrean. Herri moduan - batera eta norabide berean - egin nahi dugunaren oinarriak adostu eta onartuta daude. Hamar urteko ibilbidea daukagu aurretik: 2027-2037. 

8 BALDINTZA

Hamar urte barru (2037) Elgoibar herri euskaldunagoa izatea da BATERA ELGOIBARREN herri-ekimenaren helburu nagusia, eta, horretarako, besteak beste, gure herrian bete behar diren baldintzak landu eta adostu dira. Hauek dira lan-prozesuaren lehen urtean 105 herritarren artean adostu eta onartu ziren zortzi baldintzak:  

1.- Kulturartekotasuna bermatzeko neurriak hartuko dira, eta hizkuntza eta kultura anitzeko pertsonen arteko ezagutza-trukea eta elkarrekintza sustatuko dira. Horretarako, besteak beste, euskaldunon hizkuntza, historia eta egoera soziolinguistikoaren transmisioa landuko da, eta baita Elgoibarren bizi diren gainontzeko hizkuntza eta kulturen ezagutza ere. 

2.- Euskara ikasteko edota lantzeko dauden aukeren berri emango da, eta euskara ikasteko gogoa edo premia dutenei erraztasunak eskainiko zaizkie, hemengoa nahiz etorri berria izan. 

3.- Euskara bizipen on eta atseginekin lotuko da, eta, batez ere, hiru esparrutan eragingo da: kirolean, aisialdian eta kulturan. Euskara sentimenduekin eta emozioekin lotuko da, eta erreferente positiboak sortuko dira.  

4.- Euskararen inguruko errelato edo kontakizun berritua sortu, aitortu eta onartuko da, euskarari behar duen prestigioa emateko helburuarekin, eta, horretarako, besteak beste, gure herriko historiaren, berbetaren eta nortasunaren belaunaldien arteko transmisioa landuko da.  

5.- Hezkuntza-politiketan tinko eragingo da herriko ikastetxeetan dagoen segregazioaren kontzientzia hartu eta komunitate moduan erantzuteko. Elgoibarko Hezkuntza Mahaia ere indartuko da, inklusioa eta integrazioa erraztu eta ikastetxeetan euskarak izan behar duen trataera arautzeko. 

6.- Euskal identitate ireki, eskuzabal eta harkorra eraikiko da. Talde-harrotasuna eta - kontzientzia landuko dira, eta, gainera, aurreiritziak eta jarrera baztertzaileak alboratuko dira. Herriko espazio publikoetan euskararen presentzia eta erabilera bermatuko da. 

7.- Herrira iritsi berriei hizkuntza-harrera egingo zaie, eta lehendik bertan bizi direnentzat euskararen erabilera areagotzeko ekimenak antolatuko dira. Herritarren hizkuntza-ohituretan eragiteko, arau sozialak gizarteratu eta sustatuko dira: euskaldunei euskaraz egin, ezezagunei lehen hitza beti euskaraz edo elkarrizketa elebidunei eutsi. Eta horietaz gainera, euskaraz berba egiteko gune seguruak sortuko dira, eta ´euskara ez-perfektua´ ere onargarria izan litekeela onetsiko da.  

8.- Euskararen gaineko herri-ituna idatzi eta onartuko da, elgoibartarron hizkuntza-kontzientziazioan sakondu eta euskararen auzia herri osoaren ardura eta erantzukizuna dela gizarteratzeko. Horrekin, besteak beste, herritarren aktibazioa eta ahalduntzea bilatuko da.  

Oharra: zortzigarren baldintzak -herri-itunak- , beste zazpiak biltzen ditu, eta bera da landuko dugun lehen baldintza, hurrenkera honetan zortzigarrena edo azkena bada ere. 

15 NORBANAKO KONPROMISO - 14 KONPROMISO KOLEKTIBO

Beharbada konpromisoen atala izango da Batera Elgoibarren herri-itunak Elgoibarko euskalgintzara dakarren berrikuntzarik garrantzitsuena. Herri-itunaren helburuetako bat da hizkuntza-kontzientziazioan sakondu eta euskararen auzia herri osoaren ardura dela gizarteratzea, eta hori da konpromisoen atalarekin sustatu nahi duguna. Bai norbanakoak eta baita elkarte-entitateak ere, euskararen aldeko konpromisoak hartzera animatuko ditugu. Bakoitzak nahi dituen konpromisoak hartuko ditu, eta nahi beste, betiere, hartzen diren konpromisoak ahal den ondoen betetzeko ardurarekin. 

Konpromisoak hartzeko bi modu egongo dira:

1.- Batetik, lan-prozesuan adostu eta plataforma honetan azaltzen diren konpromisoak hartzeko aukera izango da.

2.- Bestetik, plataformako zerrendan egon ez arren, norberak bere neurri eta gustuko konpromisoak pentsatu eta hartzeko aukera ere egongo da. 

Ohar garrantzitsua: Batera Elgoibarren herri-proiektuak konpromisoak betetzeko laguntza eskainiko die hala nahi duten norbanakoei eta elkarte-entitateei.

Erreferentzia: taupamugimendua-ASSE-2026-09-24