[Gainbegiratu] KT · Kulturgintza

Martxoa
26
2025
  • Elgoibarko Kultur Etxea

    Kalebarren plaza, 3, 20870 Elgoibar, Gipuzkoa

  • 17:30 PM - 19:30 PM CET

Bertaratuen kopurua

20

Avatarra: Topaketa ofiziala Topaketa ofiziala

Kulturgintzako Kontraste Taldearen saioa. ETEren lehen baldintza-mapa kulturaren, komunikazioaren, erreferenteen, identitatearen eta aisialdiko harremanen ikuspegitik aberastu zen.

2. KT - akta
Batera Elgoibarreneko Kulturgintza Kontraste Taldearen akta: euskararen erabileran jauzi bat emateko, kulturgintzatik, harremanetatik eta hizkuntza-ohituretatik landutako proposamen eta lehentasunak jasotzen ditu.
Deskargatu fitxategia
Batera Elgoibarren txostena
Batera Elgoibarren prozesuaren txostena, euskararen erabilera bultzatzeko eta etorkizuneko Herri Itunaren oinarriak finkatzeko lan kolektiboaren metodologia, parte-hartzea eta emaitzak jasotzen dituena.
Deskargatu fitxategia

Topaketaren akta

Zertarako

Elgoibarren euskararen erabileran jauzi bat emateko nahi den aldaketa (NDA) aurkeztea eta azaltzea, eta kulturgintzako kontraste taldeari aldaketa hori emanda lortu behar diren ezaugarri eta baldintzei buruz galdetzea. Parte-hartzaileei beren bizipen eta iritzietatik erantzuteko eskatu zaie, baina betiere kulturgintzako ikuspegitik jardunez.

Nola landu dugu

Lau ariketatan landu da saioa.

Lehenengoan, bikoteka, galdera hauei erantzun zaie: nolakoa izango litzateke Elgoibar NDA lortuko balitz, eta zer ezaugarri izango lituzke? Bikote bakoitzari hiru ezaugarri adosteko eta aurkezteko eskatu zaio, eta ezaugarriak ozenki partekatu dira taldearekin, titularretan. Ezaugarriak lau dimentsiotan kokatu dira —egiturazkoa, pertsonala, kulturala eta harremanei dagokiona—, eta parte-hartzaileei haien artean harremantzeko ere eskatu zaie.

Bigarrenean, hirukoteka, galdera honen inguruan hausnartu da: zein baldintza eman behar dira Elgoibarren euskararen erabileran jauzi bat emateko? Azpitalde bakoitzak identifikatutako baldintzak txarteletan idatzi ditu —baldintza bat, txartel bat—, eta nahi beste baldintza proposatzeko aukera izan dute. Ondoren, proposamenekin baldintzen mapa bat osatu da. Batera Elgoibar dinamikako ETEa osatzen duten kideek baldintzen lehen proposamena aurkeztu dute, eta taldeari jakinarazi zaio garapenean dagoen lehen bertsio bat dela. Baldintzak ere lau esparrutan banatu dira. Azkenik, gometsen bidez indartu dira ideiak —parte-hartzaile bakoitzak bost erabiltzeko aukera izan du— eta modu indibidualean bozkatu dira baldintzak lehentasunaren arabera, gero talde gisa indartuta agertu direnak komentatzeko eta horren inguruan elkarrizketa zabaltzeko.

Hirugarrenean baldintzen mapen kontrastea egin da, eta laugarrenean saioaren balorazioa.

Jarraitu beharreko irizpide bakarra taldean besteak proposatutakoa entzutea eta zalantzan ez jartzea izan da, entzute aktiboko praktika bultzatuz eta osagarritasun printzipioa aplikatuz.

Zer atera da

Nahi den Elgoibarren ezaugarriak

Egiturazkoak. Euskara ikasteko bidea erraztuta dago —informazioa, doakotasuna, sarbidea—. Ikus-entzunezko gehiago daude euskaraz. Diskriminazio negatiboa aldatuta dago guztion iruditegian. Euskara zaila denaren irudikapenik ez dago.

Pertsonala. Lehenengo hitza euskaraz esateko erraztasuna eta segurtasuna dago herrian. Norberak balioa ematen dio hizkuntzari.

Kulturala. Euskal kultura gehiago kontsumitzen da. Tabernetan musika eskaintza euskaldun handiagoa dago. Zinema, antzerkigintza eta kulturgintzarekin lotutako eskaintzak portzentaje handiagoan daude euskaraz. Kultur elkarteetan parte hartzen duten perfilak anitzagoak dira.

Harremanak. Kuadriletan eta lagun artean euskaraz entzuten da normaltasunez. Gaur egungo euskal hiztunak konprometituta daude euskaraz hitz egitera. Euskaraz ez dakitenei ez zaizkie oztopoak jartzen, eta jarrera lagunkoia gailentzen da komunikatzeko bide hori errazteko; ulermena lor dezaten laguntzen zaie, oinarrizko hiztegi batekin. Umeen eta nerabeen artean, euskaraz hitz egitea «guaia» da, eta nerabeen artean umetatik mantentzen da euskararen erabilera. Zerbitzuetan eta eguneroko bizitzako espazioetan —ostalaritza, merkataritza— euskararekiko ezagupen minimoa dago. Lehenengo hitza euskaraz izatea ziurtatzen da, eta, ahal den neurrian, elkarrizketa euskaraz jarraitzen da, bestela elebidunera joaz. Hitzaldiak edo aurkezpenak euskaraz lasai egiten dira, zalantzan jarri gabe. Bileretako itzultzaile figura desagertu da, ulermen maila nabarmen igo delako herritarren artean, eta «ez dakit euskaraz» esaldia ere desagertu egin da. Jatorri desberdinetako pertsonak integratuta daude herriko eremu guztietan, euskaraz bizitzeko aukera ahalbidetzen zaie, eta euskaraz hitz egiten entzuten ditugu haien artean. Kirol entrenamenduetan eta aisialdiko ekintzetan euskara da nagusi; gazteen elkarrizketak euskaraz entzuten dira; eta plazan, umeen jolas giroan edo kalean, euskara da komunikazio tresna nagusia.

Baldintzak, esparruka eta gometsen arabera

Letra lodiz doazenak Taupako lantaldeak kontraste taldeak esandako aipamenetatik ateratako baldintzak dira.

Egiturazkoak. Komunikabide euskaldunak paperean mantentzen dira. Euskaraz sortzeko dirulaguntza berriak daude (2 gomets). Administrazio publikoak bikoizketak eta itzulpenak bermatzen ditu. Udal eremu eta gune guztietan euskararen erabilera bermatuta dago. Lan arloan, euskararen formakuntza eskaintza bermatzen da eta lan orduetan laguntzak ematen dira ikasketa prozesua ahalbidetu eta errazteko. Paisaia linguistikoa zaindu eta babesten da (9 gomets). Komunikabideak —digitalean eta paperean— euskaraz izanagatik babestuta eta lagunduta daude (3 gomets). Arlo sozioekonomikoan —tabernetan, dendetan— laguntza zehatzak daude erakundeetatik euskaraz ikasteko (3 gomets). Kultur eskaintza euskaraz bermatzeko bitartekoak daude, diru-laguntzak kasu (3 gomets). Egun dauden laguntzak ezagutzera emateko aplikazio bat sortu da. Euskara ikasteko gune zentralizatu eta eskuragarri bat jarriko da herritarrei erraztasunak emateko, dohainik eta malgua izango dena (2 gomets). Euskararen inguruko errelato berri bat sortu eta aitortu-onartu da (8 gomets). Hizkuntza politiketan indarra jarri da eta, horrekin batera, hizkuntzaren kudeaketari dagokion euskararen trataera arautu da ikastetxeetan (8 gomets). Ikastetxeetan dagoen errealitatearen kontzientzia hartu da eta kolektiboki erantzun nahi zaio (8 gomets). Euskararen inguruko herri-ituna sortu da herrigintza aktibo eta ahaldundu baten bidez (8 gomets).

Pertsonala. Hizkuntza ohituren inguruan kontzientzia hartu da —datuak eta informazioa herrian zabaldu da— norberaren mailan erabakiak hartzeko (6 gomets). Norbanakoak bere prestutasuna du lehen hitza euskaraz egiteko. Lehen hitza euskaraz egiten da eta estres linguistikoa murriztu egin da herriko eremu guztietan.

Kulturala. Komunikabide publikoetan euskara bermatuta dago eta lehen hizkuntza da beti. Irrati eta telebistek euskara sustatzen dute, tokiko komunikabideak barne. Herriko kulturgintza euskaraz egitea bultzatzen da neurri konkretuen bidez udaletik. Komunikabideetan elebitasuna onartzen da. Erreferente berriak daude mundu digitalean eta sare sozialetan: euskaraz dabiltza eta laguntzak dituzte edukia plataformetara euskaraz eramateko (11 gomets). Ostalaritzan edo tabernetan dagoen paisaia linguistikoa euskaraz da. Hezkuntza kulturalean, ahal den guztia euskaraz eskaintzen da, korua esaterako. Merkataritzan eta komertzioetan nagusiek euskara gehiago egitea sustatzen dute. Euskara eguneroko hizkuntza da, eta bere ezaugarrietan friboloa, entretenimenduarekin lotutakoa eta plazerrarekin lotzen dena ere izan daiteke. Ikus-entzunezkoak euskaraz izatea lortzeko lan egingo da, bidean elebitasuna erabiliz beharrezkoa balitz (5 gomets). Paisaia linguistikoa zaindu eta bermatuko da (1 gomets). Kulturartekotasuna eta euskararen lotura bermatuko duten espazio kulturalak sortu dira (5 gomets). Euskal identitate ireki eta eskuzabala, kolektiboki harrotasunetik eta kontzientziarekin biziko dena, eraiki da (5 gomets).

Harremanak. Euskaraz lasai aritzeko espazio seguruak daude herrian. Norbanakoek prestutasuna dute euskaraz harremantzeko. Talde hausnarketak sustatzen dira kuadriletan eta ahalegin gehiago egiten da euskaraz bizitzeko. Euskara ez dakitenek hitz egin ahal izateko babesguneak dituzte (8 gomets). Euskara ikasteko bitartekoak —aplikazioak, klaseak— ezagutzera ematen dira herrian (6 gomets). Euskara bizipen positiboekin lotzeko bitartekoak daude, espazio informalekin lotutakoak (10 gomets). Jakintzaren eta erabileraren lotura erreala bermatuko da. Euskara bizipen on eta atseginekin lotzen da —kirola, aisia— eta erreferente positiboak daude bere baitan (7 gomets). Euskaraz lasai hitz egiteko gune eroso eta seguruak daude herrian. Euskara eskaintzea eta jasotzea modu eskuzabalean egiten den zerbait da herrian (8 gomets).

Saiotik jasotakoa

Wow: Elgoibarko euskararen inguruko datuak; euskararen alde lan egiten jarraitzeko prestutasuna dagoela ikusi izana; jende asko eta iritzi asko, galdu egingo garela; ikuspuntu oso antzekoak belaunaldi desberdinen artean; euskara erabiltzen duen ehunekoa; jende gaztea baikorragoa dela; parte-hartze handia egon dela; dinamizatzaileak oso onak izatea; jende asko bildu izana honetan pentsatzeko; pesimismo usaina nabaritu izana; eta Elgoibarren % 80ak euskara ulertzea oso abiapuntu positiboa iruditzea.

Krak: beste motibazio modu bat izan dela, ilusioa; aldaketaren ardura arlo pertsonalean ez hartzea, dinamiketan atera den bezala; ulermen ratioa handia izatea, eta non jartzen den marra; hausnarketak eta azterketak egiten direla, baina urteak pasata dena berdin dagoela eta egoerak bere horretan jarraitzen duela; jendearen ikuspegia oso negatiboa iruditu izana eta autokritika gutxi sumatu izana; euskaltzaleak nahiko ezkor ikusi izana; euskararen alde lan asko egiten dela baina emaitzak kaskarrak direla; erabileraren ehunekoa oso txikia dela; ehuneko txikiegia mintzatzen dela euskaraz; eta galdera asko egon direla eta erantzun gutxi lortu direla.

Zer geratu da irekita

  • Hirugarren ariketan baldintzen mapen kontrastea egin da, baina elkarrizketaren edukia ez da jaso: zertaz konturatzen garen, zer falta den, zer errepikatzen den, zeintzuk diren baldintza nagusiak eta zergatik.

  • Berrikuntza non dagoen ere begiratu nahi izan da, eta hori ere zehazteke dago.

  • Puntu esanguratsuenak, puntu itsuak eta estrategikoak diren baldintzak ETE taldeak aztertzeko daude.

Zer eramaten dugu hurrengora

Galdera horiek eta hausnarketa osoa ETE taldera eramango dira. Hurrengo Elkarrizketa Talde Eragilearen saioan mapa aberasteko eta bi baldintza-mapak osagarriak izateko ariketa egingo da.

QR kodea

Taupa Mugimendua erakundaren logo ofiziala

[Gainbegiratu] KT · Kulturgintza

QR kodea