[Gainbegiratu] Elkarrizketa Talde Eragilea (ETE): Lehen saioa
-
Elgoibarko Kultur Etxeko areto nagusia
Kalebarren plaza, 3, 20870 Elgoibar, Gipuzkoa
-
17:30 PM - 19:30 PM CET
Elkarrizketa Talde Eragilearen (ETE) lehen lan-saioa izan zen, Batera Jauzi Elgoibarren prozesuaren abiapuntu parte-hartzailea. Saioaren helburua ez zen oraindik baldintzak formulatzea edo erabaki estrategikoak ixtea, baizik eta ondorengo lanerako oinarri komun bat eraikitzea: taldeko kideek elkar ezagutzea, konfiantzazko giroa sortzea eta bakoitzak euskararekin duen harremana, bizipenak eta begirada partekatzea.
Saioan Batera Elgoibarren prozesuaren zergatia, helburuak eta lan egiteko modua aurkeztu ziren. Bereziki, Aldaketaren Teorian oinarritutako metodologia azaldu zen, baita prozesuan erabiliko ziren elkarrizketa, entzute aktiboa, adostasunak bilatzea eta ikuspegi sistemikoa ere. Helburua parte-hartzaile guztiek prozesuaren marko metodologikoa ulertzea eta hurrengo saioetan egingo zen lanketarako abiapuntu partekatua izatea zen.
Era berean, prozesuaren parte-hartze egitura aurkeztu zen: Elkarrizketa Talde Eragilearen zeregina, gizarteko beste errealitate eta sektoreekin kontrastea egiteko bost Kontraste Taldeak eta talde horien arteko harremana. Lan-egutegia ere partekatu zen, ETEko kideek prozesu osoan izango zuten ibilbidea eta Kontraste Taldeetan izan zezaketen parte-hartzea kokatzeko.
Horrenbestez, lehen saio honen funtzio nagusia prozesuaren lehen oinarri metodologiko eta harremanezkoak ezartzea izan zen: taldearen arteko ezagutza eta konfiantza sendotzea, euskararekiko esperientzien aniztasuna ikusgarri egitea eta ondorengo saioetan Elgoibarren euskararen erabileran goranzko jauzia emateko beharrezko baldintzak lantzeko marko komun bat eraikitzea.
Topaketaren akta
Zertarako
Elkarrizketa Talde Eragilearen lehen saio honek bi atal nagusi izan ditu: elkar ezagutzarako lehen urratsak ematea eta dinamikaren nondik norakoak azaltzea.
Nola landu dugu
Elkar ezagutzako atalean bi dinamika egin dira. Lehenengoan, parte-hartzaileek norbere buruaren aurkezpen laburra egin dute bi galderari erantzunez: nola duzu izena? Zerk ekarri zaitu hona? Bigarrenean, objektu baten bidez azaldu dute partaideek euskararekin duten harremana: azaldu ondoren, objektua taldeak osatzen zuen zirkuluaren erdian utzi eta kanpaia jotzen zuten beste kide batek hitza har zezan. Horrela, kate bat sortuz, parte-hartzaile guztiek azaldu dute euren objektua, eta zirkuluaren erdian objektu guztiek multzo indartsu bezain anitza osatu dute. Ondoren, lehenengo binaka eta gero talde handian, objektu eta bizipen horiei begiratzean zer sentitu edo ikusi zuten azaldu dute.
Bigarren atalean, egitasmoaren aurkezpena egin da eta Batera Elgoibarren azaldu da. Lehen aurkezpen batekin, euskararen erabileran goranzko jauzi bat emateko bide-laguntza proposamena azaldu zaio taldeari, eta aurrerantzean landuko denaren azalpen sakona eman da, prozesuaren abiapuntua, beharra eta jarduteko lan dinamika aurkeztuz. Gonbidapena luzatzean baino bide-orri garatuago eta zehatzago bat partekatu da, kidego guztiarekin jarritako helburuak eta erabiliko den metodologia konpartituz.
Saioa bukatzeko, zalantzen dinamika egin da: zalantza, galdera eta iradokizunetarako tartea utzi da, modu indibidualean ETEko kidegoari bere iritziak luzatzeko tartea eskainiz, eta ondoren talde zabalean partekatu dira ideia eta ardura guztiak.
Zer atera da
Objektuen dinamikatik gailendu diren ideiak
Emozioek duten garrantzia euskararekin eta hizkuntzekin oro har dugun erlazioan. Pertsonen garrantzia hizkuntzaren transmisioan: familia, lagunak, seme-alabak. Euskara era naturalean jaso ez duten pertsonek —eta hala eta guztiz ere ikasi dutenek— duten merituak eta horren garrantzia. Euskara etxetik jaso dutenek eta era natural batean bizi dutenek egunerokoan hizkuntzari eusteko egiten duten esfortzuari errekonozimendua. Etxeko hizkuntza —euskara den kasuan— gaztaroan mantentzeko dauden zailtasunak.
Ekarritako objektuak hauek izan dira: txapela, Txepetxen liburua, Pipi Kaltzaluze liburua, «Ni nora euskara hara» kamiseta, eskolako irakasle amantala, atxitxa eta amamaren argazkia, lagun euskaldun batek oparitutako belarritakoak, euskara gramatika liburua, arraun eta estropu txiki bat, Korrikan parte hartu zuteneko argazkia, «Euskaraz bizi nahi dut» bufanda, Irulegiko eskua eta «Euskal Herrian Euskaraz»eko txapa, harrijasotzeko harri txikia, Argiako bazkide 50 urtez izatearen saria eta familia argazkiak, aurpegi asko dituen dado bat, Bikain ziurtagiria lortu zuten Elgoibarko udaleko langileen argazkia, ogi zati bat, eta besoan tatuatua duen Gernika margolaneko zatiaren marrazkia.
Egitasmoaren oinarriak
Hiru ideiatan sakontzeko tartea hartu da. Metodologia, eta berarekin, erabiliko den jendarte eraldaketarako abiapuntua: aldaketaren teoriaren oinarriak eta egitekoak. Erabiliko den dinamizazioa: elkarrizketan oinarrituko dena, elkar konbentzitzea baino adostasunak eta akordioak bilatzea helburu izango duena, entzute aktiboa eta bestearen ikuspegia ulertzeko predisposizioa edo jarrera eskatuko duena, eta nahi dena esateko eta nahi ez dena kanpoan uzteko espazio segurua sortu nahi dela. Enfoke sistemikoa prozesuan zehar, Elgoibarko jendartea bere osotasunean kontuan hartuz.
Gizarteko gainerako herritar eta arloekin gaia nola landuko den ere aurkeztu da, eta kontrasterako balioko duten elkarguneen lehen zertzelada batzuk eman dira: Kontraste Talde horietan zein arlotako pertsonek parte hartzea nahi den, hain zuzen ere.
Proposatu diren Kontrasterako Taldeak
Hezkuntza eta helduen alfabetatzea. Kulturgintza. Arlo sozioekonomikoa. Gazteak, aisia eta kirola. Euskaraz ez dakitenak.
Kontrasterako Taldeetan, Elkarrizketa Talde Eragilean erabiliko den elkarrizketa eta gizarte ikasketarako metodologiaren bide beretik lan egingo dela azaldu da. Haien iraupena, aldiz, bi ordukoa izango dela adierazi da, eta bertaratzeko ETE taldeko kidegoaren interesa eta parte-hartzea eskatuko dela ere komentatu da.
Lan egutegia
Lanerako egutegi bat partekatu da, taldeko kidego guztiak kronograma edo agenda zein izango den gertutik ezagutzeko: prozesuaren diseinutik abiatuta, bost saio, bosna Kontraste Talde tartean, Talde Motorraren barne kontrastea, eta prozesuaren txostena amaieran. Saioek izango duten iraupena ere aurkeztu da. Taldeak ontzat eman du lan egutegi hau, eta ez da aparteko ekarpen edo eskaerarik egon.
Zalantzen dinamikatik atera diren ideia nagusiak
Elgoibar mailan existitzen den errealitate bat prozesutik kanpo uztearen beldurra, eta benetan prozesu parte-hartzailea eta argazki erreala izateko gizarteko segmentu jakin batzuetara heltzeko beharra. Dinamikaren ostean ateratako emaitza eta ondorioak ekintzetara ez eramatearen beldurra, eta, beraz, egindako lanak gizarte eraldaketa hori eman dadin balio ez izatea. Prozesu guztian zehar gazteen presentzia zaindu eta bermatu beharko dela. Aurretik dinamika garatu den herrietan egondako emaitzaren jakinmina ere partekatu da.
Bi zalantza argitu dira saioan bertan. Batetik, Kontraste Taldeetan ETEko kideen parte-hartzea zein izan behar den: guztietan parte hartu beharko ez dutela adierazi da, bakar batean behintzat egotera animatuz, eta KTetan ETEko kideek izan beharreko funtzioak edo eginbeharra ere argitu dira —entzutea, zalantzak argitzea, eta proposamenak lehen pertsonan berriro ETEra ekartzeko aukera—. Bestetik, atera beharreko baldintza kopurua aurrez zehaztuta datorren edo taldearen ekarpenen araberakoa izango den: dinamizazio jakin batekin lagunduta, prozesua bideratzen eta baldintzak saioz saio zehazten joango dela argitu da.
Zer geratu da irekita
Proposatutako ideia eta baldintzek lehen saiotik hirugarrenera garapen bat izango dute; beraz, baldintzen kopurua eta edukia zehazteke daude.
Kontraste taldeek izango duten paperak eta garrantziak erabakiko dute zeintzuk eta zenbat diren baldintza egokiak.
Lehentasunen ariketa bat egitea aurreikusten da.
Zer eramaten dugu hurrengora
Prozesuak bere bidea egingo du saioz saio, baldintzak zehazten eta garatzen, Kontraste Taldeen ekarpenek bideratuta.
Partekatu
Edo kopiatu linka