Egindako lana

Elkarrizketa Talde Eragileak (ETE) sortutako baldintzak eta Kontraste Taldeek (KT) egindako ekarpenak uztartu, aberastu eta osatu ondoren, baldintzen arteko loturak landu ziren eta, ikuspegi bateratu batetik abiatuta, haien azken formulazioa adostu zen.

Ondorengo zortzi baldintzak dira prozesu honen azken emaitza. Gometek baldintza bakoitzaren garrantzia kolektiboki nola hauteman zen adierazten dute.

  1. Kulturartekotasuna bermatzeko neurriak hartu dira, hizkuntza eta kultura anitzeko pertsonen arteko ezagutza, trukea eta elkarrekintza sustatuz. Horretarako, euskararen unibertsoaren transmisioa (hizkuntza, historia, egoera eta erronkak barne) eta beste hizkuntza eta kulturen ezagutza eta elkartrukea tresna gisa erabiltzen dira.

  2. Euskaraz alfabetatzeko eta euskara ikasteko guneetara sarbide bateratu, eskuragarri eta malgu bat sortu eta ezagutzera eman da, eta ondorioz, euskara ikasteko premia duen herritar orori (etorri berriei barne) euskarara sarbidea erraztu zaio.

  3. Euskara bizipen on eta atseginekin lotu da (kirola, aisia...) eta erreferente positiboak sortu dira, euskara sentimendu eta emozioekin lotuz, transmisioa eta euskarazko eskaintza kultural gozagarri bat indartuz.

  4. Euskararen inguruko errelato berritu bat sortu, aitortu eta onartu da, euskara prestigiatuz eta elgoibartarra sustatuz; herriaren historia, nortasuna eta transmisioa belaunaldi desberdinen artean eginez eta honekiko interesa piztuz.

  5. Hezkuntza politiketan indarra jarri da eta ikastetxeetan dagoen segregazio errealitatearen kontzientzia hartu eta kolektiboki erantzun da; inklusioa eta integrazioa errazteko, euskararen trataera arautu eta herriko hezkuntza mahaia indartuz.

  6. Euskal identitate ireki, eskuzabal eta harkorra eraiki da, kolektiboki harrotasun eta kontzientziarekin bizi dena; horretarako, aurreiritziak eta jarrera baztertzaileak alboratu dira eta euskararen presentzia eta erabilera espazio publikoan zaintzen eta bermatzen da.

  7. Euskararen inguruko Herri Ituna sortu da herrigintza aktibo eta ahaldundu baten bidez, kontzientziazioan eta sentsibilizazioan sakontzeko eta kolektiboki euskararen garrantzia lantzeko.

  8. Herrira iritsi berriei hizkuntza-harrera egiten zaie, eta, aldi berean, bertan bizi direnak erabileraren inguruan sentsibilizatzen dira, horrela hizkuntza-ohiturak eraldatuz: lehen hitza euskaraz eginez, euskaraz hitz egiteko gune seguruak sortuz, elkarrizketa elebidunak erraztuz eta hiztun ez perfektuak onartuz.

Prozesuaren beste emaitza batzuk

Zortzi baldintzak dira prozesuaren azken emaitza, baina ibilbideak haien eraikuntza nola gauzatu den ulertzen laguntzen duten beste material batzuk ere utzi ditu: ETEren lehen baldintzen mapa, bost Kontraste Taldeen emaitzak, kontrasteen ondorengo mapa bateratua, eta 2 eta 5 urteko horizonteen eta lotutako eragileen identifikazioa, Herri Ituna eraikitzeko oinarri gisa.

Prozesu osoan 106 pertsona inguruk hartu dute parte, eta azken baldintzek begirada eta adostasun aniztasun hori jasotzen dute.