[Gainbegiratu] KT · Hezkuntza eta euskalduntze-alfabetatzea
-
Elgoibarko Kultur Etxea
Kalebarren plaza, 3, 20870 Elgoibar, Gipuzkoa
-
17:30 PM - 19:30 PM CET
Hezkuntzari eta helduen euskalduntze-alfabetatzeari lotutako Kontraste Taldearen saioa. ETEk egindako lehen baldintza-irakurketa hezkuntzaren eta komunitatearen ikuspegitik kontrastatu eta aberastu zen.
Topaketaren akta
Zertarako
Elgoibarren euskararen erabileran jauzi bat emateko nahi den aldaketa aurkeztea eta azaltzea, eta hezkuntzari lotutako herritarren eta helduen alfabetatzeari buruzko kontraste taldeari aldaketa hori emanda lortu behar diren ezaugarri eta baldintzei buruz galdetzea.
Nola landu dugu
Lau ariketatan landu da saioa.
Lehenengoan, bikoteka, galdera hauei erantzun zaie: nolakoa izango litzateke Elgoibar NDA lortuko balitz, eta zer ezaugarri izango lituzke? Bikote bakoitzari hiru ezaugarri eskatu zaizkio, eta ezaugarriak ozenki partekatu dira talde guztiarekin, titularretan. Lau esparrutan kokatu dira: egiturazkoa, pertsonala, kulturala eta harremanei dagokiona.
Bigarrenean, hirukoteka, galdera honen inguruan hausnartu da: zein baldintza eman behar dira Elgoibarren euskararen erabileran jauzi bat emateko? Azpitalde bakoitzak bere baitan identifikatutako baldintzak txarteletan idatzi ditu —baldintza bat, txartel bat—, eta nahi beste baldintza proposatzeko aukera izan dute. Ondoren, proposamenekin baldintzen mapa bat osatu da. Batera Elgoibar dinamikako ETEa osatzen duten kideek baldintzen lehen proposamena aurkeztu dute, eta taldeari jakinarazi zaio garapenean dagoen lehen bertsio bat dela. Baldintzak ere lau esparrutan banatu dira.
Hirugarrenean baldintzen mapen kontrastea egin da, eta ateratako ideia nagusiak titularretara ekarri dira. Laugarrenean, saioaren balorazioa.
Jarraitu beharreko irizpide bakarra taldean besteak proposatutakoa entzutea eta zalantzan ez jartzea izan da.
Zer atera da
Nahi den Elgoibarren ezaugarriak
Egiturazkoak. Lehen hitza euskaraz izatea: denda guztietan euskaraz hitz egiteko aukera egongo da. Guraso bilera bat zein hizkuntzatan egingo den ez da gatazka iturri izango eta ez da zalantzan jarriko. Ikastetxeen artean segregaziorik ez dagoen herria izango da.
Pertsonala. Euskararekiko atxikimendua eta kontzientzia egongo dira. Herritarrek ez dute pentsatuko elkarrizketak zein hizkuntzatan hasi, zuzenean euskaraz hasiko direlako hitz egiten. Euskara dakitenek euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartuko dute. Herritarren identitatean harrotasuna dago. Gazteek eta nerabeek kontzientzia gehiago hartuko dute eta gehiago hitz egingo dute euskaraz.
Kulturala. Nortasuna. Harrotasuna. Sentsibilizazioa. Umeak euskaraz bizi dira. Elgoibarren herri euskalduna izatearen harrotasuna dago. Tabernetan musika euskaraz entzungo da. Antzerkia eta zinema euskaraz izango dira. Kanpotarrak etortzen direnean, harrera gertukoa eginez gero, eurek interesa edukitzea lortuko da, eta pertsona horiek interesa izango dute gure kulturan eta hizkuntzan parte hartzeko. Komunikabideetan eta sare sozialetan euskarazko eduki gehiago daude, eta horrek gazteek euskara gehiago erabiltzea ahalbidetzen du. Euskal kulturako ekintzetan, euskaraz bizi direnek eta gainontzeko guztiek ere hartuko dute parte naturaltasunez.
Harremanak. Edozein eremu edo gunetan pertsona ezberdinen ahotan entzuten da euskara. Lehen hitza euskaraz egiten da herriko eremu guztietan. Aurreiritzirik gabe hitz egiten da euskaraz, jatorri ezberdinetako pertsonekin bereziki. Gazteak euskaraz bizi dira. Parkean gurasoak euskaraz ari dira haurrekin eta baita beren artean ere. Euskaraz ez dakienak beharra ikusten du euskara ikasteko. Helduek euskaraz jarduten dute lagun artean eta kuadrillan. Euskararen ulermen maila altua dago. Euskararekiko sentsibilizazioa bilatzen da herrian. Identitatea zaintzen da. Euskararekiko zaintza kontzientea dago. Euskaraz hitz egiten dakienak segurtasunez eta konfiantzaz hitz egiten du.
Baldintzak, esparruka
Egiturazkoak. Kulturartekotasuna bermatu da: bestearen aitortza, ekitatea, aukera berdintasuna eta berdinen arteko tratua errespetatzea. Murgiltze plan bat dago herri mailan, eta horretarako Elgoibarren euskaraz jarduten da naturaltasunez. Harrera plan bat indartu da herrian. Ezagutza indartu da herriko esparru guztietan. Euskara ikasten ari direnek euskara praktikatu ahal izateko gune seguruak dituzte herrian. Hizkuntza ofizialak onartuta daude. Euskarari bere tokia eta garrantzia eman zaio. Bileretan euskarak lehentasuna du eta informazioa pertsona guztiei heltzea bermatuko da. Euskararekiko babes zabala dago herriko norbanako eta eragileen partetik. Euskaraz lan egin daiteke eremu desberdinetan.
Pertsonala. Hizkuntza ohituren aldaketa eman da herrian. Euskararekiko kontzientzia eta atxikimendua indartu dira.
Kulturala. Eskaintza kulturala handitu da herrian. Euskara ikasteko premia bultzatzen da: ikastetxeek familiei euskara ulertzeko aukerak eta tresnak ematen dizkiete; inklusiorako tresna da euskara, maila sozioekonomikoan eragina izan dezakeela ikusarazteko eta seme-alabei laguntzeko. Beharra sortu da kulturalki euskaraz aritzeko. Euskal kultura indartzen da ekimen konkretuen bitartez. Euskal musika kontsumitzea zutabe garrantzitsua da hizkuntza partekatzeko. Segregazioarekin amaitzea baldintza bat da herrian aukerak berdintzeko. Jendeak euskal kulturako ekintzak kontsumitzen ditu.
Harremanak. Euskararako sarbidea bermatzen zaie herritarrei. Etorri berriei haien harremanak euskaraz garatzeko bideak eskura jartzen zaizkie, eta helduleku bat dira haientzat.
Mapen kontrastetik ateratako ideia nagusiak
Gune seguruen beharra dago herrian, eta paisaia linguistikoa euskaraz izateak lagunduko du: arnasguneak. Inferiotasun sentimendua zabalduta dago herritar desberdinen artean. Normalizazio ikuspegitik egin behar da lan. Aisialdiaren presentzia areagotu beharra ikusten da. Hizkuntza ohiturek zentraltasuna hartzen dute gai honetan. Transmisioa eta lotura emozional sendoak egotea beharrezkoa da. Euskaldun izateko aukerak anitzak izan behar dira. Errelato berriak sortu behar dira, eta horretarako erreferenteak behar dira. Belaunaldi berriekiko erreferentziak indartu eta berriak sortu behar dira. Emozioak kontuan hartzeko aukera berriak zabaldu behar dira, hortik identitate anitzak kontuan hartzeko.
Saiotik jasotakoa
Wow: aniztasuna (bi aldiz aipatua); praktikara pasatzea oso zaila dela; izugarria; ETE taldearen dokumentua; hizkuntza ofizial bakarra (bi aldiz aipatua); hizkuntza ohituren gaia; euskarazko eduki gutxi dagoela; eta identitate bakarra, galdera ikurrekin.
Krak: nahia eta errealitatearen arteko aldea; ekintzak antolatzen direla, euskara hizkuntza bezala erabilita; euskaldunen harrotasuna; euskal identitate ireki eta eskuzabala; aipatu direnekin aurrera egitea oso zaila ikustea, utopia ote den; 2035!!!; hau praktikan edo teorian geldituko den; gazteen baikortasuna; kanpotik datozenek herrira etortzean identitate krisia edukitzea; irreala; kanpotik datorren bati atxikimendua eskatzeko zelako errelatoa kontatu behar dugun; eta oso interesgarria iruditu izana —ezerk harritu ez duen arren—, eta konturatu izana Elgoibarren inguruan daukan ikuspegia ez dela berea bakarrik.
Zer geratu da irekita
Kontrasteko galderak eta hausnarketa osoa ETE taldera eramango dira, puntu esanguratsuenak, puntu itsuak eta estrategikoak diren baldintzak azter ditzaten; azterketa hori egiteke dago.
Zer eramaten dugu hurrengora
Hurrengo Elkarrizketa Talde Eragilearen saioan mapa aberasteko eta bi baldintza-mapak osagarriak izateko ariketa egingo da.
Partekatu
Edo kopiatu linka